Albert Adrià: “Orain zaporea besterik ez dut bilatzen: zaporea, zaporea eta zaporea”
Katalanak Enigma izeneko bere jatetxe berriaren proposamena aurkeztu du; izan ere, “duela hilabete eta erdi aldatu baitut”, eta azaldu du orain zaporea eta sukaldaritza zuzena dituela gogokoen.
Albert Adriàk berriz ireki zuen Enigma duela hiru hilabete, Enigma Concept izenarekin, eta duela hilabete eta erdi kontzeptua aldatu zuen. “Beraz, aurkeztuko dizuedan jatetxe honek, nire talde osoa lanean duenak, hilabete eta erdi baino ez du”. Katalana Gastronomikara itzuli da, oso alai eta “sasoi betean. Egunean hamaika ordu egiten ditut sukaldean. Bigarren gaztaro bat bizitzen ari naiz”. Zuzen itzuli da, azkar, eta, hori horrela, “egin nahi dudan sukaldaritza ere zuzena da. Zuzena zaporea bilatzeko orduan, eta produktua eta sasoia bilatzeko. “Produktuan eta sasoian oinarritzen ari gara. Kontzeptua oso erabilia izan dela dirudi, baina gutxik eramaten dute benetan praktikara. Oso zaila eta garestia da”.
Albert Manso sukaldeburuarekin batera, zeina “txipiroia labanaz moztu dezaketen pertsona bakanetako bat” baita, katalana bere sukalde berria aurkezten saiatu da, “baina 45 egun besterik ez daramatzat. Datorren urtean hobeto kontatuko dizuet nolakoa den”, esan du txantxetan. Den bezala ikusi dugu: zuzena da, zaporeei dagokienez ere, hautatutako osagai gutxi batzuk erabiltzen direlako, teknika justuarekin. “Badakizue zer nolakoa den nire curriculuma, beraz, egokia iruditzen zaidan teknika aplikatzen dut, baina beti produktua eta zaporea lehenetsiz”. Are gehiago, esan du ironiaz, “aurreko egunean bezero batek esan zidan ezaguna egiten zitzaiola albaka wafflea egiteko erabiltzen dudan teknika, antzinakoa zela. Bai, hala da, baina nirea da. Ezin al dut erabili?”
Oso natural hitz egin du, gidoirik gabe; Adriàk bere burua aldarrikatzeko gogoa zuen: “Espazioen araberako esperientzia saihestu dut —Ez dakizue zer zaila den talde anitzak mugiaraztea!— eta zuzenean noa platerera, aretoko talde handi batekin (45 profesional eta 50 mahaikide) eta dastatzeko menu gabe. Bezeroak errepikatzea nahi dut, askatasuna eman nahi diot; dirua gastatzera etortzen bada erreferentzia ez duten platerak ezagutzen dituelako izan dadila, bidaia justifikatuko baitute”.
Enigma Concept berri bat, “% 100ean nirea den jatetxe bakarra”, Tickets eta lehenengo Enigmaren arteko mix bat, baina finger food edo mokadu gutxiko plater gehiagorekin. Eta koilarekin jateko gero eta plater gehiagorekin, “eta gero eta gehiago izango dira, horietan baitago zaporea”. Ez zen nekatzen: “Nire sukaldaritza ildo berria bilatu nahi dut, ahoan eztanda egingo duten platerak izango dituena”.
Sukaldaritza berri horren adibide batzuk ziren menua hasteko eskaintzen duen meloi sashimia, dashitan bustia, eta wasabi eta soja ukitu batekin hotzean zerbitzatuta; edo txipiroia kabiarrarekin, labanaz moztutako txipiroi xaflak urdaiazpiko iberiko tantekin” eta hiru gramo kabiarrekin. Ez lau. Oso garestia da eta”. Edota albaka espageti platera: hotzean zerbitzatuta, eta tomate eta ponzu urez egindako saldatan bustita; edo esferikoak dituen beste bat. “Aspaldi ez nituen erabiltzen, baina bide berri honetan erabiltzeko asmoa dut”. Enigma berria. Albert Adrià berria.