José Polo Extremadurako Atrio jatetxeko sommelierrak "San Sebastián Gastronomika"ko "Urrezko Gueridon" saria irabazi du.
Polok, Toño Perezekin batera, Caceresko bi izardun jatetxea zuzentzen du (herrialdeko ardandegirik onenetako bat du).
Urrezko Gueridon saria "San Sebastian Gastronomika - Euskadi Basque Country"k aretoko profesionalen lana saritzen duen golardoa da. Aurten saria Cacereseraino joango da, Jose Polo sommelierraren eskuetara, hain zuzen; izan ere, astelehen honetan Pedro Subijanaren eskutik jaso baitu saria, eta hark azpimarratu duenez, "jatetxe-aretorik gabe, ez gara ezer. Sukaldaritzaren iraultza duela urte batzuk egin zen, sommelierrena geroago etorri zen, eta aretokoa egiteko dago. Baina publikoaren iraultza ere egin beharrekoa da, haien lana errespetatzen ikas dezaten".
Polok, bestalde, saria eskertu zuen eta aitortu zuenez, "gurea ez da banakako lana, guk lan-talde bat osatzen dugu eta. Gu ikustera etortzen den jendea zoriontsu izatea da garrantzitsuena. Duela 36 urte hasi ginen eta bezeroek eurek erakutsi ziguten bidea. Urteak ia konturatu gabe igaro dira; ikasi dugu eta ikasten jarraitzen dugu, jendea zoriontsu izan dadin. Etxe baten gauzarik garrantzitsuena arima da (ukigarria ez dena eta ukitu ezin dena). Mundu gero eta globalizatu honetan, arima gero eta garrantzitsuagoa da, arima pertsonala delako. Taldeari esker, etxe batzuek arima dute eta beste batzuek ez.
Extremadurako jatetxe honetako ardandegia munduko ikusgarrienetako bat da: 40.000 botila baino gehiago eta 2.700 erreferentzia ezberdin ditu eta. Bere ardo-aukeraketak jakinduria eta gustu ona islatzen ditu; duela hilabete gutxi, lapurreta mediatiko baten biktima izan zen.
Polok María José López de Heredia ardogilearen eta "López de Heredia" upategiaren jabearen lekukoa hartu du (María José 2021ean omendu zuten).
Urrezko Gueridon saria
2009an, Josep Monje
2010ean, Giorgio Pinchiorri
2011n, Juli Soler
2012an, Eusebio Arbelaitz
2013an, Josep Roca
2014an, Didier Fertilati
2015ean, Abel Valverde
2016an, Gérard Basset
2017an, Louis Villeneuve
2018an, Lluís García eta Lluís Biosca
2019an, Denis Courtiade
2020an, Txomin Rekondo
2021ean, Maria José López de Heredia