mag

Gastronomika 2022: bizitza Londrestik harago

 

‘United Kulinary’ lelopean, San Sebastián Gastronomika Euskadi Basque Country 2022k, urriaren 2tik 5era bitartean, frogatu egingo du sukaldaritza bizirik dagoela Londrestik harago.

Leloak keinu bat egiten dio gastronomiak kulturak politikaren gainetik batzeko duen gaitasunari. Gastronomiari buruzko kongresu zaharrenak herrialde horren panorama gastronomikoa erakutsiko digu, zeina, hiriburuan gertatzen denaz harago, oso ezezaguna baita oro har.

Chef britainiarren hitzaldiez gain, herrialde hartako eta sektoreko kazetari ugari izango ditugu; horrez gain, Erresuma Batuan dauden sukaldari espainiarrek beren esperientziak eta Espainiako produktuek britainiarren artean duten arrakasta azaltzeko tartea egongo da. 

Gastronomikaren XXIV. edizioak ireki du jadanik izena emateko aukera, presentzialki parte hartu ahal izateko, bai hitzaldien programa jarraituz, bai azokako erakusketa gunean antolatuko diren gainerako jardueretan parte hartuz. Aurten, gainera, auditoriumera itzuliko da hizlariek agertoki nagusian aurkezten dituzten proposamenak dastatzeko gune esklusiboa.

Erresuma Batuko sukaldaritza historikoki aberastuz joan da Commonwealth osatzen duten herrialdeekin duen harremana dela eta, India edo Pakistanekin, adibidez; edota Frantziako, Txinako, Italiako edo Turkiako sukaldaritzen ekarpenetatik. Gaur egun ere, mundu osoko eragin kulturalak, sukaldaritzakoak eta teknikoak bereganatzen jarraitzen du. Mugarik gabeko gastronomia bat da. Estatu Batuak, Mexiko, Ekialde Ertaina edo Karibeko herrialde batzuk ere gastronomia britainiar berriaren konfigurazio mestizo horren parte dira, eta gastronomia horren ordezkari interesgarrienetako eta disruptiboenetako batzuk izango ditugu San Sebastián Gastronomika Euskadi Basque Country 2022n. 

‘Welcome UK’ bat da, Erresuma Batuak Iberiar penintsularekin eta bertako sukaldaritzekin dituen lotura estuak berresten dituena. Lotura hori hezurmamitu egiten da oporrak igarotzeko Espainiako jomugak aukeratzen dituzten milioika turista britainiarren bitartez, aitortu egiten baitute gastronomia zein garrantzitsua den jomuga bat aukeratzeko orduan. Urtez urte gora egiten du Erresuma Batutik etortzen diren bisitarien kopuruak, zeinek gastronomia baliatzen baitute kultura ezagutzeko, naturaz eta ondarearen aberastasunaz blaitzeko, eta lurraldea eta tradizioak baloratzeko argudio nagusi gisa. Donostiak turismo britainiarrak gastronomiarekin duen harreman horretan duen papera ere handiagoa da urtetik urtera eta, duela gutxi, The Times egunkariak Donostia aukeratu zuen “janariaren zaleentzako hiri onena” gisa, mundu osoko beste 15 hiribururen aurretik.

‘United Kulinary’ sukaldaritza britainiar berri horien topagune izango da. Sukaldaritza horiek irekita daude aniztasunaren aurrean, bai eta Euskadiko sukaldaritzekin partekatzeko eta lankidetzan aritzeko filosofiaren aurrean ere. San Sebastián Gastronomika Euskadi Basque Countryren edizio honetan, Andoni L. Aduriz, Paulo Airaudo edo Josean Alija chefak izango dira sukaldaritza horien ordezkari; eta Espainiako beste sukaldari batzuekin ere arituko dira, hala nola Quique Dacosta, Ricard Camarena, Oriol Castro eta Eduard Xatruch, Benito Gómez, Lucía Freitas, Nando Jubany, Begoña Rodrigo edo Albert Adriàrekin.

Baina baita munduko beste sukaldaritza askorekin ere, hala nola gastronomiako beste izen handi batekin: Gaston Acurio Peruko chefarekin, zeinak herrialde oso bat konbentzitu baitzuen gastronomia harrotasuna eta nortasuna berreskuratzeko tresna izango zela esan zienean, Latinoamerikako sukaldeaak garai berriaren erronkara eraman zituen metxa piztuz. Edo Pablo Riverorekin, Buenos Aireseko parrilla apal eta auzokoa Latinoamerikako jatetxerik onena bihurtzea lortu zuen sukaldari argentinarrarekin, 2020ko The World’s 50 Best Restaurants zerrendan sartuz. Rivero Latinoamerikako parrilla arduradun onenetzat jotzen dute, eta Donostiako parrillari buruzko sinposioan egongo diren sukaldarien taldeko kide izango da, sugarren magia eta sua ikusteko eta ulertzeko duen modu berezia erakutsiz, sua sukaldaritzaren lehen ikurra baita, elikagaiak eraldatzeko duen gaitasunagatik.

Gainera, hogeita laugarren edizio honetan, sukaldari eta enpresaburu espainiarren presentzia handia izango dugu: azken 20 urteetan beren sukaldeak Erresuma Batua konkistatzera eramatea eta mahaikide britainiarren lehentasunen artean erreferente gisa kokatu diren lokalak irekitzea lortu dutenena. Gurekin izango dira, besteak beste, honako chef hauek: José Pizarro, espainiar janariaren enbaxadorea Erresuma Batuan, Londresen 20 urtetik gora daramatzana; Nieves Barragán, Erresuma Batuan Michelin izarra duen jatetxe espainiar bakarraren buru dena; edo Quique Dacosta, Nacho Manzano eta Dani García, lur britainiarrean negozio propioak dituztenak, eta Londres —Europako hiriburu nazioartekoena eta unibertsalena— lehen mailako jatetxe espainiar gehien dituen munduko hiri bihurtu dutenak. Espainiako gastronomiaren irudiari bultzada bat ematen dioten proiektuak dira, Iberiar penintsula Erresuma Batuarekin lotu duten merkataritza- eta turismo loturak indartzen dituztenak.

San Sebastian Gastronomika Euskadi Basque Country munduko lehen Gastronomia Kongresua izan zen, duela 23 urte. Bere helburuen artean daude sukaldaritzaren abangoardia eta gastronomiaren ezagutza bultzatzea, eta goi mailako sukaldaritzaren arloko joerak eta aldaketa prozesuak aurkitzea. Hogeita laugarren edizioan berriro ikusi ahal izango ditugu Entsaladilla txapelketa nazionala, Txitxirioekin egindako sukaldaritza txapelketa eta Parrillen munduko txapelketa. San Sebastian Gastronomika Euskadi Basque Country ere zuzenean emango da www.sansebastiangastronomica.com kongresuaren webgune ofizialean, non azken bi edizioetan egindako konexioak 100 herrialde baino gehiagokoak izan baitira. 

 

Magazine

 

Síguenos

Antolatzaileak

Erakunde babesleak

Babesleak

Hornitzaile Ofiziala

Laguntzaileak