Thomas Kellerrek San Sebastian Gastronomika 2022ren inaugurazio ofiziala egin du
Thomas Keller estatubatuarrak Gastronomikaren 2022ko Omenaldi Saria jaso du, Alain Ducasse frantziarrari lekukoa hartuz.
Munduko chef sarituenetako bat da, izar bat Estatu Batuetan. Thomas Kellerrek Gastronomikaren 2022ko Omenaldi Saria jaso du, baina birtualki, estatubatuarra ezin izan baita etorri Covidetik sendatzen ari delako. Dena den, antolatzaileek bidali egin dizkiote, bai saria, bai makila (buruzagiei eman ohi zaiena), eta Kellerrek bideo baten bidez erantzun du eskerrak emanez.
Bideoan, makila eskuan zuela, barkamena eskatu du ezin izan delako bertaratu “baina izugarri gustatuko litzaidake bertan egotea, Gastronomika kongresu bikaina baita, eta munduko chef eta jatetxe onenetako batzuk biltzen baititu. Kongresuak ezagutza partekatzen laguntzen du eta, zorionez, 2010ean parte hartzeko aukera izan nuen: nire ibilbide profesionaleko unerik onenetariko bat izan zen hura. Mila esker, bihotz bihotzez, sari honengatik”, esanez amaitu du.
Omenaldi Saria emateko ekitaldiarekin batera egin da lehiaketaren inaugurazio ofiziala, eta bertan parte hartu dute Martín Berasategui, Elena Arzak, Josean Alija, Andoni Luis Aduriz, Eneko Atxa eta Pedro Subijana Batzorde Teknikoko kideek eta Roser Torras zuzendariak. Bertan egon da ere Vocentoren Gastronomia ataleko zuzendari nagusia, Benjamín Lana, joko bat eginez gonbidatutako herrialdearekin (Erresuma Batua) eta kongresuaren filosofiarekin: “Gastronomikak ideia berbera mantentzen du bere sorreratik: ezagutza sustatzea eta partekatzea sektoreko profesionalen artean. Horregatik, eta hausturaren sinbolo izan zen Brexitaren aurrean, guk sukaldaritzaren anti brexita aldarrikatzen dugu”. Bi alderdi horiek markatzen dute aurtengo edizioaren eslogana, United Kulinary, “gastronomiaren sektorean beti eredugarria izan den eta orain ere halakoa den batasunaren ikurra”, gogorarazi du Torrasek.
Erresuma Batuko ordezkarien izenean, gaur egun duten izar handietako bat igo da agertokira, Simon Rogan (L'Enclume***, Cumbria, Erresuma Batua); bere hitzetan, “oso pozik nago hemen nagoelako. Nire lankideekin batera, espero dut Erresuma Batuan gertatzen denaren berri emateko gai izatea, oso zirraragarria baita”. Hasi da San Sebastian Gastronomika 2022.
Thomas Keller
Thomas Keller bi negozio ezberdinetan (The French Laundry —Yountville, Kalifornia— eta Per Se —New York—) hiru Michelin izar dituen amerikar chef bakarra da eta, gainera, Frantziako Ohorezko Legioko zaldun izendatutako amerikar bakarra ere bada. 1994an hartu zuen Kellerrek The French Laundry jatetxearen ardura, eta bi urtez jarraian lortu zuen (2003an eta 2004an) munduko jatetxerik onentzat izenda zezaten; sari hori lortzen zuen munduko bigarren jatetxea izan zen (elBulli izan zen lehenengoa, 2002an).
Thomas Kellerren diskurtsoaren transkripzioa
“Kaixo Donostian zaudeten guztioi, sukaldaritza zoragarriko hiri eder horretan zaudetenoi, kongresu bikain horretan, zeinetan munduko chef eta sukaldari onenetako batzuek parte hartzen baitute, eragin handiko kazetariekin batera. Kongresuak gure artean, sukaldarion artean esperientziak eta ezagutza partekatzen laguntzen du, eta baita ikusleekin ere. Zorionez, 2010eko edizioan parte hartzeko aukera izan nuen: nire ibilbide profesionaleko unerik onenetariko bat izan zen hura. Oraingoan ere nahiago nuke han egon izan banintz, baina Covidetik sendatzen ari naiz eta nahiago izan dut etxean geratu. Dena den, urrunetik bada ere eskertu egin nahi dut nire saria, eta haren merezidun izatearen harrotasuna agertu, bihotz bihotzez. Kongresu zoragarria izan dezazuen opa dizuet”.
San Sebastian Gastronomika – Euskadi Basque Countryren Omenaldi saridunen historikoa
2010 Karlos Arguiñano
2011 Luis Irizar
2012 Nouvelle Cuisine
2013 Francisco López Canís
2014 Pedro Arregui
2015 Basque Culinary Center
2016 Gastón Acurio
2017 Michel Bras
2018 Juan Mari Arzak
2019 Carme Ruscalleda
2020 José Andrés
2021 Alain Ducasse